Joan den Maiatzaren 24ean Futbola eta hedabideak bikoa nazio nortasunen joko zelai garaikidea: XIX. mendetik XXI. menderako aingura izeneko Doktorego Tesia irakurri zuen Ekain Rojok, NOR Ikerketa Taldeko kideak, UPV/EHUko iku-entzunezko Komunikazio eta Publizitate Sailaren barruan. Nazioarteko aipamena duen tesia izaki, euskaraz eta frantsesez egin zuen ikerketa lanaren defentsa. Epaimahaian bost kide izan ziren: Christian Bromberger (Université de Provence Aix Marseile), Catherine Tourre-Malen (Université Paris-Est Créteil Val de Marne), Paulo Iztueta (UPV/EHU), Xabier Aierdi (UPV/EHU) eta Eneko Bidegain (MU). Zuzendaria Josu Amezaga izan zen, eta Gai Cum Laude kalifikazioa eskuratu zuen, aho batez..
Futbolaren eta hedabideen arteko bikoak gaur egungo nazio nortasunen errepresentazioan duen garrantzia azpimarratzen du lanak, hain zuzen ere kirol honek errepresentatzeko duen ahalmena nabarmentzen delarik. Ahalmen hau ulertzerik ez dago hedabideen parte hartzerik gabe, berauek ikurren gordailuak baitira, non futbola bera ikur bihurtzen baita prozesu sozial batean. Futbolak globalizazioa eta nazio aldarrikapenak batzen ditu, bere izaera bateratzaile eta kontraesankorra dela medio. Metodologia konparatiboa baliatuz, lanaren amaieran Euskal Herria bezalako estatu gabeko nazioen eta Estatu Espainiarraren arteko nazio nortasunen talka aztertzen da ikuspuntu zientifiko batetik.