Musika, festa, roots, (kontra)kultura, borrokak, identitatea, patxanga…Horri guztiari buruz hitz egin eta eztabaidatu ahal izan zen abenduaren 18tik 20ra bitartean UPV/EHUn izan ziren “Kantatzen duten herriak” jardunaldietan, zeina Punk Scholars Network (Iberia) sareak eta NOR eta IkasGura ikerketa taldeek lagundu zuten. Lehenengo bi egunetan mintegi ezberdinak izan ziren Gizarte Zientzien eta Komunikazioaren fakultatean eta hirugarren egunean Irakasle Eskolan izandako hitzaldi eta mahaiunguru baten bidez eman genien amaiera jardunaldiei.
Lehenengo egunean Ainara Santamariak, Mikel Laboaren legatu kultural gisa tradizioaren eta esperimentazioaren artean egin zuen lotura magikoa planteatu zuen: gaur egun esperimentaziorako joera hori galdu da? Ala 60. hamarkadako betaurrekoekin begiratzen jarraitzen dugulako ez dugu lortzen entzutea? Andoni Fernandezek, bestalde, 80. hamarkadan Bizkaian izandako punk talde maketeroei buruz egin duen ikerlan (eta bere liburua) aurkeztu zigun. David Motak Estatu espainiarrean musika taldeek jasandako zentsura, presio eta beto gertaeretatik ibilbide bat egin zuen. Kontrapuntua jarri zuena baina, Mikel Izarra izan zen; Ezker Abertzaleak, “Martxa eta borroka-ren” bidez egin zuen RRVren mobilizazio politikoari buruzko eztabaida korapilatsua mahaigaineratuz: batzuk beste batzuk baino errazago sartzen ziren marko kulturala sortu ote zen orduan ere? Patxi Gaztelumendik, bere aldetik, Laboaren eta RRVaren ondaretik abiatuz etorkizunari begiratzeko ahalegina egin zuen, “Martxa eta Borroka 2.0” proposatuz. Horren guztiaren bueltan, punka eta RRVari buruz, eta atzo, gaur zein biharko esperimentazioaz aritu ginen eztabaidatzen.
Bigarren mintegian atzerriko bisitariak (ondo jaso genituenak) entzuteko aukera izan genuen. Josemi Pérez eta David Álvarezek, biak ala biak madrilekoak, beraien bizitokian oinarritutako aurkezpenak egin zituzten: lehena, madrileko irrati libreen hastapenei buruz aritu zen, eta bigarrena, Madrileko agertokiko Punk eta fanzineetaz. Carmen Torrek, Santanderreko ikerlaria Pennsylvaniako Unibertsitatean, punkak Kuban daukan agertokiari buruz hitz egin zuen. Jakue Pascualek, lehengo eskutik ezagutu zuen euskal punkaren eztandari buruzko xehetasunak azaldu zizkigun. Edu Lestek, hau ere madrildarra, eztabaida piztu zuen memoria subkulturala nostalgia (kontserbadorea) bihurtzeko arriskuaren gainean. Azkenik, Paula Guerrak, Oportoko Unibertsitatean irakasle eta ikertzailea denak, azken aldian ematen ari den krisi osteko artibismoari buruzko hausnarketa teorikoa aurkeztu zuen. Mintegian zehar izan ziren eztabaidak hain izan ziren erakargarriak, ia bazkaltzeko ordua pasa zitzaigula.
Hirugarren saioa Paula Guerra irakasleak punkaren pedagogiei buruz eman zuen konferentziarekin hasi genuen, modu honetan, “Punk Pedagogies: Music, Culture and Learning” liburu kolektiboan jasotakoak aurkeztuz. Ostean, jardunaldiei amaiera eman zien mahai ingurua izan zen parte hartze zabalarekin: musika munduan (Gatibu taldeko Alex Sardui, La Chula Potra rapeatzailea eta Aitor Etxeberria “El_Txef_A” Dj eta musika elektronikoaren ekoizlea), ikerketaren alorrean (UPV/EHUko Josu Larrinaga eta Ion Andoni del Amo), kultura programazioaren eremuan (Adrián Medrano, Bullit eta Fever aretoetan lan egindakoa hurrenez hurren) eta kultura kazetaritzan (Leire Palacios) aritzen diren erreferenteez osatuta. Luze mintzatu ziren iraganeko eta gaur eguneko euskal musikaren panoramaz, publikoak izandako aldaketaz, makrofestibalen promozioari (dopajeari) zuzendutako politika publikoez edota euskal musika zer den argitzeko eztabaidari (klasikoa) ere heldu zioten. Mahai inguruan esandakoak jaso zituen Gara egunkariak kronika baten bidez.
Eta jaiak jarraitu dezala!