Datuen fusiorako di proiektua abiatzeko beka jaso dugu

Jose Ignacio Ruiz Olabuenaga beka jaso du NOR taldearen eta Bioestatistika taldeen proiektu batek. Beka hau Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabinetearen eta Soziologia eta Zientzia Politikoko Euskal Elkartearen ekimena da, eta ikerketa sozialerako metodologia berriak garatzea du helburu (bereziki Big Data baliatuz).

Datu Integralak (di) proiektuak, iturri anitzeko eta izaera ezberdineko datuen fusiorako metodologia bat eraikitzea bilatzen du, komunikazio ohituretan gertatzen ari diren aldaketak modu osoago batean aztertzeko. Horretarako soziologiaren eta matematikaren metodologiak erabiliko dira. Azken emaitza datu base bat izango da, iturri ezberdinetako datuek elikatua; horrek prozedura zehatz bat diseinatzea eskatuko duenez, urrats bat izango da euskal gizartea ezagutzeko erabil daitezkeen datuen fusioaren alorrean.

Lana sei hilabetez burutuko da, eta helburua lortzeko diziplinarteko taldea osatu da: Naroa Burreso eta Irantzu Barrio matematikariak, Libe Mimenza eta Edorta Arana komunikologoak, eta Josu Amezaga soziologoa (taldearen koordinatzailea).