NOR taldearen eta ALMA sarearen galderak Europako Parlamentuan

NOR taldeak eta ALMA sareak proposatuta, zenbait galdera egin zizkien Diana Ribak Europako Aliantza Libreko eurodiputatuak Europako Ikus-entzunezkoen Behategiko ordezkariei, Kultura Batzordean 2022ko martxoaren 14an egindako agerraldian.

Galderak VOD plataformetako edukien jarraipenari buruzkoak ziren. Zehazki, eduki horien hizkuntzak eta irisgarritasun baliabideak neurtzeari buruzkoak. Izan ere streaming plataformek eskaintzen dituzten ekoizpenen jatorria jasotzen da Lumière VOD datu basean, eta horrek aukera ematen du Europako erakundeek bertako zinema sustatzeko ezarritako neurriak fiskalizatzeko. Baina ez dute erabilitako hizkuntzei eta irisgarritasun baliabidei buruzko daturik ematen.

Galderak, 2021eko urrian Europako Parlamentuko osoko bilkurak onartutako ebazpenean oinarritzen dira. Ebazpen horretan NOR taldeak eta ALMA sareak aurkeztutako emendakinak onartu ziren, eta orduan ere Europako Aliantza Librearen eskutik landu eta bideratu ziren.

Behategiko Merkatuko Informazioaren zerbitzuko buru Gilles Fontainek azaldu duenez, hurrengo hilabete eta urteetako erronka da VODek eskaintzen dituzten edukien hizkuntzak ere neurtzea.

Batzordeko agerpena, hemen (galdera eta erantzunak 18:07:30 minututik aurrera).