Ipar Euskal Herriko zinemarako proposamen bat

Abenduaren 12an Ipar Euskal Herriko sei erakunde publikok eskatutako txostena aurkeztu zuten NOR taldeko kideek beren lanaren emaitza, erakundeen beraien aurrean. Pirinio Atlantikoko Departamendua, ALCA (Agence culturelle de la Région Nouvelle-Aquitaine), Akitania Berria-Nafarroa-Euskadi Euroeskualdea, Euskararen Erakunde Publikoa, Euskal Kultur Erakundea eta Euskal Hirigune Elkargoa dira aipatu erakundeak, eta honako enkargua egin zioten NOR taldeari: batetik, lurralde hartako zinemagintzaren egoeraren diagnosia egitea. Eta bestetik zinemagintza politika bateratua egiteko proposamenak egitea, besteak beste Hegoaldeko lurraldeetan izan diren esperientzien argitan eta mugaz gaindiko lankidetza kontuan hartuta.

NOR taldeko bost kide (Graxi Irigarai, Ramón Zallo, Josu Martínez, Patxi Azpillaga eta Josu Amezaga) arduratu dira lanaz, eta diagnostiko mardula aurkeztu zuten, proposamen sortarekin batera. Enkarguan parte hartu ez bazuen ere, aurkezpenean izan zen Miarritzeko Udala ere, zinemagintzan eragile garrantzitsua den neurrian.

Orain erakundeen esku geratzen da elkar hartu eta, jasotako diagnosi eta proposamenetatik abiatuta, zinemagintza politika sendo bat garatzea.

2023ko udan jendaurrean aurkeztuko ditu lanaren emaitzak  NOR taldeak, Iparraldeko zinemagintzari buruz Baionan antolatu asmo duen Uda Ikastaro baten testuinguruan.