Ipar Euskal Herriak Euskarazko Kazetaritza Unibertsitate Diploma izango du

Euskaraz arituko diren kazetariak prestatzeko unibertsitate diploma abiatuko da datorren irailean Baionan. UPPA Paueko eta Aturrialdeko unibertsitateak, EHU Euskal Herriko Unibertsitateak eta IJBA Bordele-Akitania Kazetaritza Institutuak elkarlanean emango dute, EEP Euskararen Erakunde Publikoak koordinaturik. Ikasleek Ipar Euskal Herriko hedabideetan egingo dituzte praktikak, euskaraz.

Hedabidearen hizkuntza hautua edozein izanik ere, praktikak euskaraz izango direla baieztatu du EEPk. Dagoeneko hamar hedabide prest agertu dira ikasle posibleei kontratua egiteko. Ikaslearen formakuntza AFDAS erakundeak ordainduko du, eta EEPk 8.000 euroko laguntza emango dio kontratua egiten duen hedabideari.

NOR Ikerketa Taldeko Josu Amezagak parte hartu du Baionan egin den aurkezpenean eta bertan adierazi dutenez, «Kazetari euskaldunen belaunaldi berri baten formakuntza lortuko da».