Hizkuntza gutxituak eta ikus-entzunezkoak Frantzian. Euskal zinemaren garapena eta aldeko lurralde politika publiko baten genesia Ipar Euskal Herrian (2015-2023) izenburuko tesia defendatu zuen Irigaraik 2023ko abenduaren 19an Bilbon. Tesia tutorekidetzan egina da, euskaraz eta frantsesez, Bordeleko Unibertsitatearen eta Euskal Herriko Unibertsitatearen arteko hitzarmenez. Hortaz, UBn eta EHUn doktore izango da Irigarai aldi berean. Zuzendariak Xabier Itzaina eta Josu Amezaga izan dira, unibertsitate bakoitzetik bana hurrenez hurren.
Tesi lanean Ipar Euskal Herriko zinemagintzaren egoera eta aukerak landu ditu Irigaraik. Historian zehar film ugariren kokaleku izan den arren eta zinema asko sustatzen duen estatu baten menpe izan arren, ez da zinemagintzaren egitura sendorik garatu lurraldean. Bestalde Frantziaren zinemagintza politika babesleak, sarritan, Hego Euskal Herrian ekoizten ziren euskarazko filmak banatzea oztopatu du. Alta azken urteetan gertatutako zenbait mugimendu (hala zinemaren eremuan nola politikan) baldintzak aldarazi dituzte, eta Ipar Euskal Herriko zinema politika sendo baterako oinarriak jarri dira mahai gainean. Politika horretarako, besteak beste, euskara abantaila izan daitekeela azpimarratzen da, mugaz bi aldeetako baliabideak (ikusleak, finantzazioa, politikak, egiturak…) elkartzen dituen heinean.
Bere analisirako analisi dokumentala, datu bilketa handi eta datu kuantitatiboen analisia, eta eragile ezberdinei eginiko elkarrizketa sakonen analisi kualitatiboa baliatu ditu nagusiki.