Euskal Hedabideen Urtekaria 2023-2024 argitaratu du Behategiak

(Urtekaria irakurri edo deskargatu hemen)

Urteroko maiztasunarekin argitaratzen du Euskal Hedabideen Behategiak nabarmentzeko modukoak diren lanen, proiektuen eta gertakarien bilduma den liburu hau. Aurreko urteak emandakoak aztertu eta hasi berri dugun urtean mahai gainean egongo diren gai nagusietako batzuk aurkituko ditugu hamalu artikulu hauen artean.

Hasteko, eta bizi dugun garaiaren testuingurua ezartzeko, hedabideen sektoreari nazioarte mailan zein Euskal Herri mailan errepasoa ematen dioten bi kronika datozkigu, Behategitik eta Hekimen elkartetik idatzitako artikulu banatan. Digitalizazioak dakartzan erronkak, gero eta bizkorrago aldatzen ari den eremu globalean, euskal hedabideen plangintzan leku garrantzitsua hartzen ari dira eta lan gogorra egiten dabiltza behar berrietara egokitzeko.

Saiakerari irekitako Sinadura atalean, Lander Arretxearen iritzi artikulu mamitsua topatuko dugu. Aipatu dugun aldaketa eta abiadura handien giro honi, ikuspegi eraikitzaile eta positiboarekin begiratzen dio, balizko distopia egoera baten aurrean baikortasunari helduz, modu jolastian auto-laguntza ariketa gisa izendatu duen testuan.

Hedabideen sektorearen atala Euskalerria irratiaren errepaso historikoa egiten duen artikuluak irekitzen du. 35 urte bete eta ospatu dituen honetan, leku berezia eskaintzen dio Urtekariak, ez bakarrik bere orrialdeetan, baita argitalpenaren aurkezpenean ere, irratiaren uhinetan eta streaming bidez aurkeztu baita, zuzenean, Urtekaria 2023-2024 argitalpena.

Sektorearen atalean aurkituko ditugu ere Berriaren eraldaketa prozesuaren, EITBren digitalizazio estrategiaren eta Ipar Euskal Herriko euskarazko kazetaritza diploma unibertsitarioaren berri ematen diguten artikuluak.

Azterlan eta ikerketa luzeagoen atalean euskal hedabideen balio sozialaren kontzeptua lantzen duen artikulua aurkituko dugu, Argia eta Alearen kasuak jorratzen dituena, Mondragon Unibertsitateko Eneko Bidegainek eta lankideek ondutakoa. EHUko Garazi Sánchezek eta NOR ikerketa taldeko bere lankideek gazteen informazioa kontsumitzeko ohiturak aztertu dituzte Gazteak eta Informazioa artikuluan, Ikusiker panelean oinarrituta. Unibertsitate bereko Gureiker taldeko Ainara Larrondo eta kideek AAren aipamenaren presentzia neurtu dute euskal sareetako elkarrizketa digitalean. Iñaki Zabaleta ikertzaile buru duen EHUko HEKA taldeak sortutako Audientzia Garatzeko Egiturazko Egokitasun Indizea sakonki azaltzen du hurrengo artikuluak. Jarraian, euskarazko edukien kontsumoa eta gune soziolinguistikoak erkatzen ditu NOR taldeko Ane Martinezek bere azterlanean. Emakumeen Ikusgaitasuna Hedabideetan ikerketa taldeko Arantza Gutierrezek ETBko Sustraia saioari jarri dio arreta aurtengo alean, emakume nekazarien ikusgaitasuna aztertzeko. Eta amaitzeko, Hekimen elkarteko hedabideen 2023ko web trafikoa landu dute Libe Mimenzak eta kideek, urteroko bilakaerak aztertzen dituzten artikuluan.