Irisgarritasuna eta hizkuntza gutxituak lotu ditu doktore tesian Marijo Deograciasek

Ikus-entzunezkoen irisgarritasuna gaitasun sentsorial murriztua dutenek ikus-entzunezkoetara iristeko aukerari esaten bazaio, nola deitu gaitasun linguistiko murriztua dutenek gisa bereko produktuetara iristeko aukerari? Hizkuntza-irisgarritasunaz mintzo da Deogracias NOR taldeko kideak “Hizkuntza‐irisgarritasuna, ikus‐entzunezkoak hizkuntza gutxituen erakusleiho. Noranzko biko eskubide eta zerbitzua” izenburuko doktore tesian.

Hizkuntza gutxituen ikuspegitik bestalde, gaitasun linguistiko mugatua duena ez da hizkuntza gutxituko hiztuna, gehienetan elebiduna izaten baita; aitzitik hizkuntza hegemonikoko hiztun elebakarra izaten da hizkuntz gaitasun murritzekoa. Beraz, hizkuntza-irisgarritasuna hark hizkuntza gutxituko produktua gozatzeko modua bermatu nahi du. Honek aukerak irekitzen dizkio hizkuntza gutxituko ekoizpenari, audientzien kopuruen erabat menpe dagoen merkatu batean.

Ideia horitatik abiatuta garatu du Deograciasek bere lana. Izan ere ikus-entzunezkoen irisgarritasuna sustatzeko garatu den teknologia zein -bereziki Europan- erregularizazioa hizkuntz-irisgarritasuna sustatzeko baliagarriak izan litezke, bere tesian erakusten duen moduan.

Honek bestalde beste modu batean ulertarazten du irisgarritasuna: ikus-entzunezkoen irisgarritasunari gagozkiola, normalean gutxituari (entzuteko edo ikusteko mugak dituenari) kultura hegemonikoa (ikus-entzunezkoa) nola helarazi planteatzen da. Hizkuntza-irisgarritasunari gagozkiola berriz, kultura hegemonikoko biztanleri kultura gutxitua nola helarazi planteatzen da, hizkuntza gutxituko biztanlea hain gutxitua izan ez dadin.

Tesia Leioan defendatu zuen Deograciasek 2024ko ekainaren 28an. Zuzendaria Josu Amezaga izan da, eta ebaluazio mahaian Anna Matamala (UAB), Katixa Agirre (EHU) eta Arantza del Pozo (Vicomtech) izan dira.