Bordeleko Kazetaritza Eskolako ikasleak Bilbon, NOR Ikerketa Taldearen laguntzarekin

Maiatzaren 12tik 18ra hiriari buruzko multimedia erreportaje kulturalak egiten ibili dira 34 ikasleak, EHUko NOR Ikerketa Taldearen laguntzarekin.

Université Bordeaux-Montaigneko IJBA (Institut de Journalisme Bordeaux Aquitaine) eskolako ikasleek astebeteko egonaldia egin dute Bilbon, eta hiria kazetaritza-esperimentaziorako eremu bihurtu da kulturaren eta artearen eremuan. Bizkaia Aretoko Elhuyar gela KulturLab plataformako erredakzio gisa erabili dute. Landu dituzten gaien artean euskararen bizitasuna, auzoetako kultur alternatiboa, hiri industrial izatetik zerbitzu hiri izatera pasatzeak kulturan izandako eragina, gazteen ohiturak eta beste gai soziokultural batzuk ageri dira.

Frantzian, unibertsitate mailako kazetaritza formazioa bi urteko masterra da, eta urtero, masterreko 1. mailako ikasleek astebeteko egonaldia egiten dute Europako hiri batean, hiri horri buruzko multimedia erreportajeak egiteko, kulturaren inguruan. Erreportaje horiek Eskolako euskarrietan argitaratzen dituzte geroago. Zehazki, KulturLab euskarrian. Aurten Bilbora etorri dira, 34 ikasle, María Santos-Sainz, Jean-Charles Bouniol eta Marion Ruaud irakaslerekin batera. Eta NOR Ikerketa Taldearen laguntza eskatu dute bertan lantoki bat eratu eta informazioa jasotzeko kontaktuak lortzeko.

Ez da lehen aldia Bilbora datozela. 2011an ere bertan izan ziren. NOR Taldeko bi kidek harrera egin zieten, eta Bilbori buruzko aurkezpena egin zieten, ohiko gida turistikoetan agertzen ez den hiria ere nabarmenduz.

EHUk eta NOR Taldeak lehendik dute harremana IJBArekin. Zehazki, Kazetaritza Euskaraz Unibertsitate Diploma, Ipar Euskal Herrian kazetari euskaldunak formatzeko IJBAk, UPPAk eta EHUk elkarrekin abian jarritako tituluaren inguruan. Hain zuzen ere, aurtengo udan amaituko da Diploma horren lehen promozioa, eta Iparraldeko gutxienez 7 hedabide publiko zein pribatutan txertatuko dira euskal kazetari berriak.