The Guardianek argitaraturiko mapa interaktibo honetan Ingalaterra eta Galesko barrutietan zein hizkuntza mintzatzen den ikus daiteke. Datuak 2011ko erroldatik aterata daude, eta aniztasun ukaezina erakusten dute: bi herrialdeon populazioaren % 8 ingelesa edo galesa ez diren beste hizkuntza bat dute mintzaira nagusitzat, eta 104 hizkuntza daude 15.000 hiztun baino gehiago dituztenak. Zenbait barrutitan, hiztun hauek populazioaren % 40 dira. Bestetik, ingelesaren ostean galesera eta poloniera datoz parez pare, lehenak 562.000 eta bigarrenak 546.000 hiztunekin.
Muga garrantzitsu bat du ordea: hala mapan nola oinarrian dagoen 2011ko Erroldan, galesera hizkuntza ingelestzat daukate: beraz, hizkuntza ‘ingelesak’ ingelesa bera zein galesera lirateke. Mapak ‘ingelesak’ ez diren hizkuntzak soilik erakusten ditu. Horregatik, galesera ez da agertzen Galesko barrutietan, ez eta Ingalaterrako diasporan.
Gogoratu AEBtan populazioaren % 20 dela etxean ingelesa ez den hizkuntza batez mintzo dena (duela hogei urte baino 9 puntu gehiago).