2014ko urtarrilaren 13, 14, 22, 23 eta 24an, Social Media Plangintza eta horretara dedikatzen diren community managerrei buruzko ikastaro trinkoa antolatu dugu, Leioan.
Sare sozialen bidez komunikazioa nola gauzatzen den eta zeintzuk diren bere osagarri teknikoak, estetikoak eta komunikatiboak landu ditugu, ikuspegi praktiko baten bidez.
Berez abendurako programatuta zegoen arren, azkenean urte berriarekin batera burututako ikastaro honetan NOR ikerketa taldeko hainbat partaideez gain, Multimedia Komunikazioa Masterreko zein Ikus-entzunezko Komunikazioa graduko ikasleek hartu dute parte.
Gainera, Transmedia ikerketa-proiektuarekin erlazio zuzena izanik, ikastaroa Donostiako Olatu Talka bezalako egitasmo baten inguruan artikulatu da, egun daukaten social media planaren diagnostikoa eta hobekuntzarako estrategien diseinuan, hain zuzen ere.
Tailerrean matrikulatu diren hogei bat lagunek, Eider Jauregi eta Libe Mimenzaren azalpenak jarraitzeaz gain, komunikazio plan baten oinarriak eta bideragarritasuna jorratu dituzte eta Olatu Talkakoen aurrean defendatu.