Estitxu Garai eta Patxi Azpillagak -Nik ikerketa taldearekin batera- bigarren saria jaso dute Euskararen marka: marketinetik hizkuntza plangintzara izenburua daraman lana aurkezteagatik. Epaimahaiak, besteak beste, azpimarratu du ekarpen garrantzitsua dela markagintzaren ideia hizkuntzara aplikatzea eta tresna praktikoak eskaintzen dituela kanpaina bat egin nahi duen ororentzat.
Iñigo Beitiak berriz, Kulturaren eragina hizkuntzaren biziberritzean. Behin-behineko ondorio batzuk lanarengatik hirugarren saria jaso du. Epaimahaiak egungo adituek hizkuntzaren biziberritzeari dagokiola planteatzen dituzten ideia eta kezkekin bat egiten duela nabarmentzen du, gaiaren ibilbide historikoa ondo laburtzeaz gain.
Txillardegi-Hausnartu sariek Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi euskal soziolinguista omentzea dute helburu. Bere lanaren atal bat unibertsitateari lotuta egin bazuen ere, 1990an BAT Soziolinguistika Aldizkaria sortu zuen eta bertako zuzendari izan zen 2002ra arte. Bestela, euskal hizkuntza, kultura, eta nazioari lotutako hainbat lan egin zituen. |