‘Streaming‘ plataformen Hego Euskal Herriko audientziak aztertu ditu Behategiak

Datuok jendaurrean plazaratu ditu 2deo-k Tabakaleran antolaturiko “Streaming plataformak eta hizkuntza aniztasuna” mahai-inguruan. CIES enpresaren 2018-2021 urteetako inkesten emaitzak arakatuta, harpidedunen kopuruak, plataforma hedatuenak, adin tarteen araberako aldeak eta hizkuntzen ezagutzaren eraginak zein diren aztertu du Euskal Hedabideen Behatokiak.

Nabarmentzekoa da populazioaren erdia streaming plataformaren bateko harpideduna dela dagoeneko Hego Euskal Herrian (hamarretik sei dira 35-54 urte bitartean, hamarretik zazpi 25-34 urte bitartean, eta hamarretik ia zortzi 14-24 urte bitartean). Harpide gehienak 35-55 adin tartean daude kokatuta eta Netflix da harpidetza gehien duen plataforma (harpidetzaren bat dutenen artean %85ek du Netflix kontu bat). Halaber, zenbat eta euskara gehiago jakin, orduan eta harpidedun izateko joera handiagoa nabari da, eta euskaldun berriak dira streaming plataforma baterako harpidetza-maila handiena dutenak.

Azterlan osoa Behategiaren webgunean jasota dago, infografia adierazgarriekin lagunduta.