Euskal hedabideen analitika digitalaren gaineko tesia egin du Libe Mimenzak

“Euskal hedabideen ingurune digitala neurtzeko analitika: diagnostikoa eta proposamena” izena daraman doktorego tesia defendatu berri du NOR taldeko ikerlari den Libe Mimenza Castillok. Euskaraz argitaratzen duten komunikabideen sareko trafikoa ezagutzeko tresnen errealitatea aztertu du Behategiarekin, Hekimen elkartearekin eta Euroeskualdearekin elkarlanean garatutako proiektuetan oinarrituta, eta, diagnostikoaz gain, hedabideen webguneetako trafikoa jaso eta irakurtzeko proposamen praktikoa aurkeztu du.

Euskaraz eta ingelesez aurkeztutako tesiak nazioarteko izaera dauka eta ekarpen garrantzitsua da euskarazko komunikazioaren analitika digitalaren eremuan. Hartara, urrats sendoa eman du arlo honetan sakontzen segitzeko eta tresna berriak eraikitzeko bidean.

Tesiaren zuzendaria Edorta Arana EHUko irakaslea izan da eta ebaluazio mahaia ondoko doktoreek osatu dute: Josu Amezaga Albizu (EHU), Elixabete Perez Gaztelu (DU) eta Igor Calzada (Cardiff University).