Azken lau hamarkadetan euskararen ezagutzak gora egin duen arren, erabileraren datuek kezka sortu dute euskalgintzan eta hizkuntza politikan. Erabileraren balorazioa ez da zuzena izango kontzeptua aurrez aurreko jardunera soilik mugatzen bada, hala ohartarazten du NOR Ikerketa Taldeko kideek (Josu Amezaga Albizu, Ane Martinez Juez, Libe Mimenza Castillo eta Naroa Burreso Pardo) argitaratutako lan berri batek.
Metodologia berritzailea: datuen fusioa
Ikerketak statistical matching izeneko metodo matematikoa erabili du CIESen audientzia datuak eta Inkesta Soziolinguistikoaren emaitzak fusionatzeko. Horri esker, hedabideen kontsumoa eta herritarren hizkuntza-gaitasuna, harreman-sareak eta jarrerak gurutzatu ahal izan dira lehen aldiz.
Ondorio nagusiak: faktore ezberdinak eta komunitate anitzagoa agertzen dira komunikazioaren eremuko erabilera hartzailean, hedabideen kontsumoak berezko dinamika du.
- Faktore eragile ezberdinak: aurrez aurreko erabileran gaitasun erlatiboa eta harreman-sarea funtsezkoak diren bitartean, faktore horiek pisu askoz txikiagoa dute hedabideen kontsumoan.
- Profil anitzagoa: euskarazko hedabideen kontsumitzaileen soslaia, hau da, erabilera hartzailearena, erabilera ekoizlearena baino anitzagoa da. Kontsumitzaileen erdiak baino gehiagok (% 58) erdaraz egiten du etxean eta eskualde euskaldunenetatik at bizi da.
- Hiriguneen garrantzia: hiriguneetan (50.000 biztanletik gora), hedabideak euskaraz kontsumitzen dituztenen kopurua gailendu egiten zaio lagunarteko edo etxeko euskararen erabilera ekoizleari.
Norantz jo? Ikerlariek ondorioztatzen dute euskara erabiltzen duen komunitatea zentro-anitza dela eta erabilera mota bakoitzak bere zentroa duela. Testuinguru horretan, euskarazko komunikazioaren eskaintza handitzea, ikusaraztea eta erakargarri egitea erabilera sustatzeko eremu estrategikotzat jo dute.
Azterlana hemen: https://bat.soziolinguistika.eus/produktua/euskararen-erabileraren-definizio-berri-baterantz-komunikaziotik-ikas-dezakeguna/

